XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizitza lasai-berdea

Bizitza eroso eta lizuna da, Asteasuko Agirreren ustez, seigarren mandamentuan erortzeko biderik laburrena:

Bekatu hauen guztien ama da, gazteetan, bizitza lasai-berdea: ezkonduetan, atsegin zikinetan bihotza ipintzea; eta ezkondu nahi eta nahi hasi direnetan beren gura txarrari atsegin emateko egarria.

Bizitzaren legea

Horra gaur ere guztiz baliogarria den bizitzaren legea, Oihenartek aspaldixko emana:

Hogei urtetan deus ez dena, hogeita hamarretan ez dakiena, eta berrogeietan ez duena da jagoiti eztatena, eztakikeena eta eztukeena.

Bizkotxoa busti

Larrua jotzeari deitzen zaio bizkotxoa bustitzea.

Brazileko portugeseraz ere esamolde bera erabiltzen dute adiera berean: engolir o biscoito.

Gazteleraz, berriz, mojar el churro deitzen zaio.

Bolo-bolo

Bataioaren ondoren opari moduan botatzen den dirua da boloa Ondarru inguruetan, eta txanponak airean barreiatzen diren bezala zabaltzen eta hedatzen dira berri eta zurrumurruak ere: bolo-bolo.

Txomin Agirrek Garoa nobelan argitu zuen bolo hitz horrek bataio ondorengo diru-botatzearekin duen zerikusia:

Honela deitzen diote euskal-uri batzuetan bataioari.

Agirian dago hitz hori nondik datorren.

- Vis baptizare, nahi al duzu bataiatua izan? galdetzen du apaizak, eta

- Volo, nahi dut erantzuten zaio.

Bolo-boloren esanahi bera du bala-bala modismoak, eta haize-boladek orbela harrotzen eta aireratzen duten bezala, harrotzen eta aireratzen dira zurrumurruak ere: bala-bala.